1. espioitza gutuna: irakurtzeko giltzak

Subjuntiboko adizki trinkoak

nahi didazún xerkatu = xerkatu [‘bilatu’] nahi izan diezadazun

Erlatiboa

BAIT- erlatiboa:

musde Anbila, Frantziako Kondestablearen anaia baita
= musde Anbila, zeina Frantziako Kondestablearen anaia baita

Barbera Bordelera baita
= Osagilea, zeina Bordelera joan baita

Puntuazioa

Puntuaziorik ezaren ondorioz, batzuetan testu-zati baten hainbat interpretazio egin daitezke, esaterako:

erege çauri dela eta mous de
Anbila Franciaco Counestabliaren anaie baita
houra hil haniz bi aldetaric hamasei mila
baratu dituçu canpouan

izan daiteke

Errege zauri dela, eta musde Anbila, Frantziako Kondestablearen anaia baita hura. Hil anitz bi aldeetarik, hamasei mila, baratu dituzu kanpoan.

edo

Errege zauri dela, eta musde Anbila –Frantziako Kondestablearen anaia baita hura– hil. Anitz bi aldeetarik, hamasei mila, baratu dituzu kanpoan.

edo

Errege zauri dela, eta musde Anbila, Frantziako Kondestablearen anaia baita, hura hil. Anitz bi aldeetarik, hamasei mila, baratu dituzu kanpoan.

Bestelakoak

zegei [cegei]

Testua ikertu dutenek ‘zeiei’ ulertu dute hitz honetan, hau da, zeuei-ren baliokide bat. Hala, honelatsu geratuko litzateke esaldia:

Jauna, erremerziatzen dizut zeuei zure mesedeak hainbertze kuidado baitu nitaz.

Guk ez diogu zentzu handirik ikusten izeordain plural hori sigularreko pertsona batekin erabiltzeari, eta gaude ez ote duen beste esanahiren bat.

Hor dugu, hain zuzen, Leizarragak zehar-galderetan erabili zuen zegai/zegei partikula:

Arrazoia zergatik, ez da orain zegai luzekiago hemen erran dadin.
Predestinazioaz ez da zegei nehork debati dezan Jainkoarekin.

Esaldiotan, zegai/zegei erabiltzen da egun zertan darabilgun moduan. Hortaz, pentsa liteke gure testuko cegei hura Leizarragarenaren parekoa dela, baina ‘zertan’ signifikatu beharrean ‘zeren’ edo duela esanahia. Orduan, honela uler liteke gure esaldia:

Jauna, erremerziatzen dizut zeren zure mesedeak hainbertze kuidado baitu nitaz.

Irakurketa hori zentzuzkoagoa iruditzen zaigu, baina halere, gure aburuz, auzia irekita geratzen da eta areagoko azterketa baten zain.

baratu dituzu kanpoan = geratu dira (gudu-) zelaian [zuka]