Aoristoa

[…] euskara zaharrean bazen adizkera berezi bat iraganeko burutua espresatzeko erabili ohi zena, gaur aoristo izenaz bataiatua. Adizki hauek ekintzaren iraupena edota noiz izan zen burutua zehaztu gabe uzten digute; aldia iragana da baina aspektua ez zaigu zehatz adierazten, burutuaren eta burutugabearen arteko muga horretan puntukari kutsua ere hartzen du sarri. Hedatuenak eta erabilienak *ezan eta *edin aditz laguntzaileak baziren ere, gaur egun indikatibotik kanpo erabiltzen ditugunak, egin [bizkaieraz, *ezan-en baliokide] eta zenbait aditz trinko ere jokatu ohi ziren aoristoan. XVI. mendeko testuetan ugari dira adibideak, geografikoki oso zabaldua zela eta sintetikoetan ere oso errotua zegoela erakusten dutenak (Arriolabengoa, 2006: 390-391).

Batez ere perpaus beregainetan edo perpaus nagusian aurkitzen dugu (baina ez beti) eta balio narratiboa izaten du; zehazki, lehenaldi urruneko gertaerak kontatzeko erabiltzen da:

Baina hark, ihardesten zuela, erran ziezon hura erran zionari: «Nor da ene ama, eta nor dira ene anaiak?»

Hemen, aldiz, mendeko perpausean ere erabiltzen da aoristoa:

Karguaren hartzera batirik ezin nengikeen, eta guti falta zedin non ez bainendin txoil gibelera.

Adibideak

Perifrastikoak

jaso zegiten = jaso zezaten = jaso zuten
Hala jaso zegiten euren kaltetzat.

gogo egin nezan = gogo egin nuen
Zure autoritate handian esportzu harturik, gogo egin nezan neure ahal guziaren egitera.

Trinkoak

bazesan = esan zezan = esan zuen
Bazesan eze bere arma zaharrak hautsita letorrela bere ahaide nagusi Ibargoiengoaren aurrean

bazeson = esan ziezaion = esan zion
Eta bazeson, bere nagusiari legez: «Otxoa Ontzaluitz, agur, agur».

zekusanean = ikusi zuenean
Zekusanean ezen ez zela hura elegitu izan, biltzarretik alegeraki bere etxerat itzuli izan zen.

 

Referentziak


Ikus PDF 1942 – René Lafon, “Prétérit avec auxiliarie a valeur déterminée”, Le système du verbe basque au XVIe siècle (tome second), 76-78. Elkar, 1980.
1998 – Esther Zulaika Ijurko, Ioanes Leizarragaren aditza, 725-737. Deustuko Unibertsitatea. Donostia.
2006 – Julen Arriolabengoa Unzueta, Ibarguen-Cachopín Kronika. Edizioa eta Azterketa, EHUko Argitalpen Zerbitzua.