Bernart Etxepare

Linguae vasconum primitiae
Bordele, 1545

Irakurtzeko giltzak Ikus jatorrizkoa

Erregeren abokatu bidezko eta nobleari, bertute eta on guziez konplituari, bere jaun eta jabe Bernard Leheteri, Bernat Etxeparekoak, haren zerbitzari xipiak, gogo onez goraintzi, bake eta osagarri.

Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta haietan izan baita, eta baita, zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola bat ere ez den saiatu bere lengoaia propioaren faboretan euskaraz zerbait obra egitera eta eskributan ipintzera, zeren ledin publika mundu guzietara bertze lengoaiak bezala hain eskribatzeko on dela.

Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein erreputazio gabe, eta bertze nazio orok uste dute ezin deus ere eskriba daitela lengoaia hartan nola bertze orok baitute eskribatzen berean.

Eta zeren orain zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala baituzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen euskara, zuri, neure jaun eta jabea bezala, igortzen dizkizut euskarazko kopla batzuk ene ignorantziaren araura eginak.

Zeren, jauna, haiek ikusirik eta korregiturik plazer duzun bezala, irudi bazaizu, inprimaraz ditzazun eta zure eskutik orok dugún joia ederra, inprimaturik euskara, oraino izan ez dena, eta zure hatse onetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara eta baskoek, bertzeek bezala, dutén bere lengoaian eskribuz zerbait doktrina eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora iragateko materia, eta jinen direnek gero dutén kausa haboro haren abantzatzeko, eta obligatu garén guziak Jainkoari otoitz egitera dizún mundu honetan prosperoki bizia eta bertzean paradisua.

Amen.