Joanes Leizarraga

Testamentu Berria
Arroxela, 1571

Irakurtzeko giltzak Ikus jatorrizkoa

Oharra: testu hau euskaraz eta frantsesez argitaratu zen. Frantsesezko bertsioa ikusteko, sakatu ↓ paragrafo bakoitzaren azpian.

GUZIZKO ANDRE NOBLE Joana Albret, Nafarroako Erregina, Biarnoko Andre gehien, etc. denari, bere zerbitzari guzizko xipiak eta guzizko obedientak, Joanes Leizarraga Beraskoizkoak[1], Jesukristoren grazia eta bakea desiratzen.

ANDREA, zeren ni, zure ezagun gabea bezala naizelarik, Testamentu Berriaren euskarazko translazio honen zure Maiestateari dedikatzera ausartu izan naizen, merezi onez arintasunez akusa ahal neinte, baldin neure ausartgoa honez zerbait eskusa bederen eman ez baneza.

Bada, niri hau eragin didaten anitz bertze arrazoien artean izan dira zure humanitate handi jende prestu guziez laudatua eta Jainkoazko zure zelo handia.

Zure humanitateaz den bezainbatean, ene manera halako bazen ere non ez baitzuen irudirik ere zure humanitatea sekula enegana hel ahal leitela, guziagatik ere anitz aldez hura baliatu izan zait, eta, printzipalki, zure maiestatearen plazera hala izanik gaje ordena lekidan zure Biarnoko herrian entretenitu izan naizen bezainbatean; ezen halaz eman izan zait itoa bezala azpitik nindukaten gogo-arranguretarik eta oroitzea ere buruko biloa latzarazten didan kaptibitatezko sujekziotik ilkitzeko okasio eta moien.

Eta zure zelo Jainkoazkoaz den bezainbatean, hark du engendratu zu baitara jende prestuen bihotzetan halako erreberentzia bat, non are zure ezagutzea ez dutenek ere ezin asko mirets baitezakete zure bertutea, zuri zuzen onez ematen zaizkizun laudorioengatik, zeren hain afekzionatu erakusten zaren Jainkoaren tenpluko gauza gaizkituen drezatzen, eta zeren hark, kasik desegin eta arrasatu izanik, orain, zure moienez reedifikatzen delarik, errekrubatu baitarama bere leheneko edertasun Apostoluen denboran ohi zuena.

Honetakotzat, etsenplutan frankoki alega ahal dezaket zure Biarnoko herria: hura, behin, bertze erran ahal daitenik bat ere bezain Jainkoaren hitzaren errezibitzera behatu gaitzetako eta errebel erakutsi izanik, guziagatik ere, Jainkoa zure zeloaz, zuhurtziaz eta gogo-handitasunaz zerbitzatu izanik, halakara mantsotu eta ematu izan da non, egungo egunean, Biarno guzian Jainkoaren hitza paisibleki eta edifikazio handitan predikatzen baita, bai eta diziplina eklesiastikoa egiazki eta bide bezala obserbatzen.

Baina zer? Ez zait niri eman zure laudorien aipatzez hain aitzina abantzatzea, haietango klaritatea neure mintzatzeko insufizientziaz ilun ez dezadantzat. Baina honetan gelditzen naizela ere, esportzu dut ezen ahal liratekeen borondaterik zuzenenez eta hoberenez ere gaizki mintzatzeaz bertze ofiziorik egiten ez duten batzuetarik ja erran izan denak ere defenda ahal nazakeela. Ezen ahal datekea ene kondiziozko baxutasunik ezpa honelako bertze gauzarik bat ere ni hain obra saindu baten bere zelo eta afekzio sainduagatik mundu guzietan hainbat laudorio ematen zaion Erregina bati dedikatzetik gibeleratzeko nuenik?

Eta baldin edozeinek erreplikatu nahi balu eta erran ezen egin izan dena nik baino hobeki bertze batek egin ukan lukeela, honetan aplika ahal dezaket neure defentsioan Pedareto deitzen zen Esparta hiriko batek egun batez erran ukan zuena: zekusanean ezen hiriko hirurehun magistratuetarik bat izatera ez zela hura elegitu izan, biltzarretik alegeraki bere etxerat itzuli izan zen, zioela ezen atsegin handia luela zeren hirurehun gizon hura baino prestuagorik hirian eriden izan ziren.

Segur nik ere erran ahal dezaket ezen, mila eriden izan balira ere ni arindu ninduketenik pena honetarik (zein izan baita nehork lehenbizitik estima ahal lezakeen baino handiago), nik ukan nukeela hainbat atsegin nola ukan baitut atsekabe zeren nizaz bertzerik hatse baten egitera abantzatu izan ez den.

Honezaz testimoniaje ekar ahal diezadakete printzipalki kargu honen hartzera intzitatu ukan nautenek. Eta, dena den bezala erran dezadantzat, Zure bertute handiak, Andrea, eta printzipalki nik orain aipatu ditudanak, bai eta orduan zure lotinant jeneral Agramonteko jaunaren exhortazio handiak eta Beltzuntzeko eta Mehaineko jaunen eta zenbait bertze ene adiskideren solizitatze ardurazkoak, ene gogarazteko asko eta sobera izanagatik, hala ere, kontsideratzen nuenean nola gure denboran ere anitz pertsonaia jakintsurik Testamentu Berriaren translazioan enplegatu izan den —hainbat latinez, frantsesez, nola anitz bertze lengoaia aberatsez eta praktikatuz— eta, gero, nola translatatzaile berek eta haien ondoan bertzeek, anitz gauzatan, bai zentzuan, bai lengoaian, zer erran eriden ukan duten, eta ikusirik ezen halakoekin konparatzera ezdeus baino ezdeusago nintzela, eta neure buruari kasik gogonahiaz eta probetxu egiteko desiraz bertzerik ez nekusolarik, eta nik hala borondate ukanagatik, beldurrez gauza ez ledin moldez burutan ilki, karguaren hartzera batirik ezin nengikeen, eta guti falta zedin non ez bainendin txoil gibelera, nekusanean hainbatez ene entrepresa handiago, zenbatez nik eskribatu dudan lengoaia mota baita esterilenetarik eta dibertsoenetarik, eta oraino, translaziotan behintzat, usatu gabea.

Alabaina, segur izanez ezen euskaldunak bertze nazio guzien artean ez garela hain basa non gure lengoaiaz ezin ezagut eta lauda dezagun gure Jainko Jauna, eta ikusirik ezen okasioa presentatzen zela, bai eta esperantzaz ezen ni baino sufizientagorik ere izanen zela obran esku edukiren luenik (nola eriden ere izan baita Biarnoko sinodoaren ordenantzaz lan egina bisitatu eta konferitu behar izan denean), azkenean, Jainkoaz landan zure anitz bertuterekilako autoritate handian esportzu harturik, gogo egin nezan neure ahal guziaren egitera eta Jainkoak eman plazer ukan didan guziaren borondate onez haren Elizaren edifikazioan enplegatzera.

Baina are gehienik bihotz eman ukan zidana zen nik nuen esperantza ezen moien honez Jainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abantzamendu Euskal Herrian, eta honetakotzat, zu, Andrea, honez zerbitzaturen zinela tronpeta baten antzora, zeinez Jainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako erresuman ere Satani gerla egitera, nola egin eta egiten ere baitiozu zure dominazioko bertze leku guzietan.

Goitikora, nik obra honetan ezarri ukan dudan diligentziaz eta penaz, bai eta honetarik etor ahal daitekeen emendioaz den bezainbatean, bertzeek jujaturen dute. Hau bai erranen dut: ezen beti oroiturik nola Jainkoaren manu espresa den haren hitzari deus edeki ez dakion ez eratxiki, hala egin ahal dudan fidelkiena egin ukan dudala.

Honen gainean, zure Maiestateari suplikamenduz nagoka dena onetakotz, otoi, errezibitu nahi duzún, obraren handitasunera eta dignitatera behatzenago duzularik ezen ez translatatzailearen inperfekzioetara eta xipitasunera.

Hainbatekin, Jainkoari otoitz egiten diot, Andrea, nahi zaituén, otoi, bere Espiritu sainduaz beti iluminatzen zaituelarik, zure dohain onetako haur Jaun-Andreekin batean, bere gloriaren abantzamendutan eta zure sujeten edifikaziotan luzeki kontserbatu.

Arroxelan, agorrilaren 22, 1571.


[1] Beraskoitz: gaur egun, Beskoitze.