Esteve Materra

Doctrina christiana
Bordele, 1617

Irakurtzeko giltzak Ikus jatorrizkoa

Eskaintza

Beltran Etxautz Baionako apezpiku, erregeren kontseilari eta lehenbiziko erremusinariari, frai Esteve Materra San Frantziskoren ordenako fraiderik xipiena[k], ontasun eta osasuna.

Jauna, iragan den denborako jendeak hain ziren arduratsu eta axolduri bere haurren gainean, eta hain zeukaten kontu handia nork bereei ongi erakusteaz eta aztura onen emateaz, non iduritzen baitzeien behin ongi haziz gero on eta prestu baizen ezin ziratekeela. Halatan, Hipodamo zeritzan filosofo batek erraten ohi zuen herri ongi ordenatu baten zimendurik printzipalena haurren ongi haztea eta gidatzea zela. Eta egiazki arrazoi zeukan, zeren haurtasuneko aztura eta usantza hain da bortitz eta boteretsu, non erraten baitu Platonek ere nola irakatsia baitate batbedera bere haurtasunean hala biziko ere dela bertze gainerako denboran.

Eta nola lehenagoko filosofo haiek egiazko Jainkoaren ezagutzarik ez zutenak baitziren, erraten zutenean haurrei hastetik ongi erakutsi behar zeiela, ez zuten aditzen ongi erakuste hura Jainkoaren zerbitzatzeko eta arimen salbatzeko behar zela, baina aditzen zuten hura guztia munduko arauaz jendartean prestuki eta ohorez bizitzeko premiazko gauza zela. Baina guk —nola giristino egiazko fedeaz argituak baikara— ez dugu munduko prestutasunaz eta jendarteko tratuaz hainbat kontu egiten nola egiazko Jainkoaz eta haren fedeaz, legeaz eta beldurtasunaz.

Eta halatan, erraten dugunean haurrei haurretik erakutsi behar zaiela ongi, aditzen da erakutsi behar zaiela nola eta zer moldez behar duten Jainkoa onetsi, zerbitzatu eta, haren manamenduak konpliturik, bere salbamendua erdietsi. Eta hau dela uste dut giristinotasuneko puntu printzipalenetarik bat, edo printzipalena, zeren, Espiritu Sainduak dioen bezala, nor nola gobernatzen baita gaztean, hala komunzki egiten ohi da zahartzean ere: orduan hartzen duen bidea edukitzen ohi du gero ere; hari atxikitzen zaio, gutitan handik higitzen edo aldaratzen da.

Bada, jauna, ikusirik zein gauza beharra eta premiazkoa den haurrei haste on baten ematea eta doktrinaren erakustea, eta hartan zure apezpikutasun honetan anitz elizgizon trabailatzen eta nekatzen dela, iduritu zait haiei heltzeko eta laguntzeko on dela hitzez erraten dena liburuan eskribuz ediretea; han irakurtzen dela, nagusia eta dizipulua ere hainbat pena eta trabaila ez daitezen. Eta hartarakotzat deliberatu dut liburutxo honen egitera.

Ordea, jendartera ilkitzekotz, zure izenaren eta itzalaren azpian behar du ilki, zeren halatan izanen da etsaietarik ongi begiratua. Eta arrazoiaren eta zuzenaren arauaz ere ene euskarak bere lehenbiziko agurra eta ezagutza zuri egin behar zizun, zeren nik hizkuntza honetan dakidan guztia zuri zor baitizut: zure erranagatik, zuk esportzaturik, bihotz emanik eta are egoteko lekua ere zuk zerorrek Sarako herria seinalaturik, dakidana han ikasi baitut. Eta hala, baldin ene entsegu honek ohorerik edo laudoriorik bat ere merezi badu, zuri dagozu gehiena eta printzipalena, zeren zu izan baitzara honen zimendua eta iturburua. Lagun zakitza, beraz, errezibi ezazu begitarte onez, defenda ezazu, fabora ezazu, zeren esperanza dut halatan ongi etorria izanen dela, inbidiosek kalte guti eginen diotela eta are, haiek guztiak garaiturik —nik esperanza dudan bezala—, ontasun handi bat, guztiz ere jende xehearen artean, eginen duela.

Bitartean, obligatu naizen bezala, eginen diot Jainkoari otoitz dizúla zeure desira onen konplimendua eta bere Elizaren aitzinamendutan anitz urtez bizitzeko indar eta grazia.

Zure zerbitzaririk xipiena,
Fr. Esteve Materra.